Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Gastu politika

Diputatuen Kontseiluak onartutako aurrekontu esparruaren barruan 2014ko Aurrekontuen luzapena 2015. ekitaldirako prestatu da, bertan ezarrita baitaude Gipuzkoako sektore publikorako epe luzeko helburuak.

Herri entitate guztiak behartuta daude finantzak ondo kudeatzera. Eta kudeaketa horretan, abiapuntua da haiek eskura dituzten baliabideei ahalik eta errentagarritasun ekonomiko eta sozialik handiena ateratzea, alegia, egungoa bezalako zalantza giro batean are beharrezkoa den kudeaketa arduratsu bat eraman behar da. Orobat, lehentasunezkotzat jotzen da zergen erreforman sakontzea, diru sarrera estrukturalak lortzen eta sendotzen jarraitzeko.

Alde horretatik, bai 2015. urterako luzatu diren Aurrekontuak, bai geroko ekitaldietakoak zuzenduta egongo dira gastu publikoan eraginkortasun handiagoa lortzera. Helburua da finantza baliabide publikoak liberatzea dirua modu eraginkorragoan kudeatuz, hau da, bigarren mailako gauzetan gutxiago gastatuz eta behar-beharrezkoak direnetan, ordea, hobeto gastatuz.

Diru sarrerei dagokienez, nabarmentzekoa da agintaldi honetan onartutako zerga aldaketen emaitzak agertzen hasiak direla, nahiz eta ekonomian zalantza giroa nagusi izan. Horrek ahalbideratu du bigarren urtez jarraian aurrekontu osoa %4,85 handitzea, aurrekontu propioa %2,79 igotzea eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa %3,58 haztea.

Bestalde, gastu politikek egungo krisi egoerari aurre egitea dute helburu, eta horretarako lehentasunezkoa da Gipuzkoako ekonomian efektu biderkatzaile handiagoa duten programetan inbertitzea, betiere gastu iraunkorreko esparru batean.

Horrela, 2015.urterako luzatu den Aurrekontuak islatzen du aurrekontuko programak eta partidak aztertzean egindako ahalegina ezinbestekoak ez diren gastu guztiak ezabatzeko.

Era berean, ahalegin handia egin da aurrekontuko programak genero eraginaren ikuspuntutik aztertzeko, betiere gastu lehentasunak non jarri behar diren ezartzearren.

Urola Erdia, Tolosaldea, Bidasoaldea eta Oarsoaldea eskualdeetan garatu diren parte hartze prozesuen ondoriozko kredituei dagokie, Foru Gobernuaren helburua da ondoriozko kreditu hauek aurrekontu luzatuari gehitzea, Batzar Nagusiek onar dítzatela.

Horrez gain, denon dirua gastatzean beharrezkoak diren efizientzia, justizia eta zorroztasuna hobetzeko neurriak mantentzen dira. Horrela, mantendu egiten da mozkin marjinaren edo etekin industrialaren gehieneko portzentajea %3 izango dela, marjina edo etekin hori Foru Aldundiaren kontratuetan, hitzarmenetan eta diru laguntzetan konputatzen denean. Era berean, kontuan hartuta erantzukizun sozialezko erosketa publikoari buruzko kontratu klausulak sartzeko urriaren 29ko 11/2014 Foru Arauak agertzen duen asmoa, kontratu jakin batzuk lan babestuko enpresetarako gordeko direlarik. 2015. urterako luzatutako Aurrekontuaren. lehentasuna hauxe da: Gipuzkoako sektore publikoaren kontuak hipotekatzen zituen azpiegitura handiko egungo inbertsio eredua uztea eta gizartea lehentasunezkotzat hartzen duen eredu berri baterako trantsizioa egiten jarraitzea; hau da, pertsonen bizi kalitatea hobetu eta lurraldearen ekonomian eragin positiboa duten proiektuei lehentasuna ematea. Horren adibidea da lurraldeko autobus zerbitzua hobetzeko proiektua parte hartze prozesu baten bidez egin izana. Hortaz, 2015. urterako Aurrekontu luzatuaren funtsa da bizitza kalitatean oinarritutako giza garapen iraunkorra lortzea.

Foru Aldundiak krisi ekonomikoari aurre egiteko darabilen politikaren bidez, esparru egonkor bat finkatu eta gure eskumenen barruan proiektu berriak garatzeko testuinguru ekonomiko eta soziala bermatu nahi dira. Hau da, sektore publikoa oinarrizko euskarria izango da jarduera ekonomikorako.

Finantza egoera zail hau ez da aitzakia izan behar aurrekontu bidezko jardueraren izaera birbanatzaileari ez erreparatzeko. Krisi egoerak progresio bat dakar, ezinbestean, gizarte gastuan, ekitaldi baten hasierako momentuan nekez kalkula daitekeena.

Arrazoi horrengatik, gizarte gastua helburu duten kredituak zabalkor gisa kalifikatu direnak mantentzen dira, gerta baitaiteke kreditu horien hasierako zuzkidura nahikoa ez izatea egungo egoerak ekitaldian zehar agerrarazi ditzakeen beharrei aurre egiteko. Kreditu horiek aurrekontu beharrizanak ase arte zuzkitzeko borondate politikoa adierazten da.