Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aurrekontuen luzapena

78. artikulua. Luzapen araubidea.

  1. Baldin eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorren Foru Araua ez bada onesten ekitaldiko lehen eguna baino lehen, aurreko ekitaldiko aurrekontuak luzatutzat joko dira berehala harik eta aurrekontu berriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
  2. Aurrekontuak luzatu diren ekitaldiko abenduaren 31n behin betiko aurrekontu zainpeketaren zenbatekoaren berdina izango da luzaturiko kredituen zenbatekoa, salbu eta kreditu gehikuntzak eta ekitaldian onetsitako kreditu gaikuntzak.
  3. Luzaturiko aurrekontuaren egitura organikoa aurrekontua betearazi behar den ekitaldiko administrazio antolaketari egokituko zaio.
  4. Luzapenak iraun bitartean, aurreko ekitaldian hitzartu diren gastuak egin daitezke, horiek onesteko unean indarrean dauden xedapenak direla bide.
  5. Aurreko ekitaldiko aurrekontuak luzatutzat joko dira honako hauen arabera:
    1. Diputatuen Kontseiluak langileriaren ordainsariak igo ditzake aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.
    2. Ondasun eta zerbitzuen ohiko gastuen kapituluko kredituak eta ohiko diru laguntzetarako kredituak eta kapital kredituak luzatutzat joko dira aurreko ekitaldiko zenbatekoetan, betiere aurrekontuan luzatu den ekitaldian programak, jarduketak edo jarraipen-ildoak finantzatzen badituzte.
    3. Inbertsio errealen kapituluko kredituak luzatutzat joko dira aurreko ekitaldiko zenbatekoetan, betiere luzaturiko ekitaldian jarraitzen duten jarduketak badira, edo bidezkoa den zenbatekoan aurrekontua luzatu den ekitaldian amaitzeko aurreikuspena egiten bada. Birjarri eta mantentzeko inbertsio gastuak egin daitezke, gehienez artikulu honen 2 apartatuan jasotako kopuru mugaraino.
    4. Foru sektore publikoaren entitateen alde haien jarduera osorik finantzatzeko egiten diren transferentziak aurrekontuei Foru Administraziorako aurreikusten diren luzapenen gaineko arau berak aplikatuta zainpetuko dira.
    5. Batzar Nagusietarako aurrekontuko zuzkidurak aurrekontuetan onetsitako zenbatekoarekin bat etorriz zainpetuko dira.
    6. Gizarte prestazio ekonomikoak eta aldizkako sortzapeneko prestazioak araudi espezifikoa aplikatuta zainpetuko dira.
    7. Finantza-aktiboei buruzko kapituluan, bere garaian indarrean zeuden baimenak zirela medio aurretik konprometitutako kredituak luzatuko dira.
    8. Euskal Autonomia Erkidegoarentzako ekarpenak eta estatuarentzako kuporako zuzkidurak luzaturiko aurrekontuan zainpetuko dira aplikatu beharreko xedapenen ondoriozko zenbatekoan.
    9. Itundutako tributuen bilketan parte hartzeagatik udalen alde izango diren transferentziak aurrekontuan zainpetuko dira Diputatuen Kontseiluak finkatuko dituen zenbatekoetan eta banaketan, betiere Udal Finantzaketaren Foru Fondoa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauan xedatutakoaren arabera.
    10. Ekitaldia hasi baino lehenagoko edo ekitaldian itundutako finantza eragiketa baimenduen ondoriozko gastuak egin daitezke, indarreko araudian xedatu dena dela bide.

Interesei, kapital amortizazioari eta zorren gastuei dagozkien gastuak jaulkipenak arautzen dituzten baldintzei, mailegu-kontratuei eta gainerako finantza eragiketei lotuko zaizkie.

  1. Aurrekontu luzatuan indarrean dauden xedapenek arautuko dute aurrekontu plantilaren kudeaketa.
  2. Luzapenak iraun bitartean, Foru Arau honetan xedatuak arautuko ditu aurrekontuetako aldaketak.
  3. Luzapena bukatu ondoren, behin betiko aurrekontuak urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izango ditu eta hor sartuko diren kredituak hasierako kreditutzat joko dira.
  4. Baldin eta ekitaldi berrirako aurrekontuek ez badute luzapen araubidean baimendutako kredituetako bat, edo kreditu txikiagoak badituzte, ukituriko programaren kargura ezeztatuko da zenbatekoa, eta hori ezinezkoa balitz, Diputatuen Kontseiluak, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuak proposatuta, bidezkoa den doikuntza egiteko erabakia hartuko du.