Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aurrekontuen onarpena

Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuaren proposamenez, datorren ekitaldirako aurrekontuak prestatzeko jarraibide ekonomiko eta teknikoak onartu ditu.

Jarraibide horien arabera, departamentuek, foru merkataritza sozietateek, foru fundazioek eta foru erakunde autonomoek beraien aurrekontuen aurreproiektuak prestatu eta Ogasun eta Finantza Departamentura bidali dituzte.

Ogasun eta Finantza Departamentuak honako agiri hauek prestatu eta Diputatuen Kontseilura bidali ditu:

  • Foru Aldundiaren, foru merkataritza sozietateen, foru fundazioen eta foru erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektua.
  • Zerga propioei lotutako gastu fiskalen aurrekontuaren aurreproiektua.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauren aurreproiektua.
  • Dokumentazio osagarria (txosten ekonomikoa, memoria, aurrekontu kontsolidatua).

Halaber, proiektuarekin batera Gipuzkoako Ur partzuergoaren eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren aurrekontuak doaz.

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontuen Proiektua onartu ondoren Batzar Nagusietara bidali zuen proiektuaren aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen.

Batzar Nagusiek proiektua tramiterako onartu eta kalifikatu ondoren, batzarkide taldeei bidali zitzaien azterketa egiteko.

Foru gobernua Ogasun eta Finantza Batzordearen aurrean agertu zen aurkeztutako aurrekontuari buruzko informazioa emateko.

Taldeek aurkeztutako emendakinak eztabaidatu ziren, osokoak Batzar Nagusietako Osoko Bileran eta gainerakoak Ogasun eta Finantza Batzordean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Ogasun eta Finantza Batzordeko diktamena Batzar Nagusien onarpenerako aurkeztu zen.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren eta aurrekontu horien ekitaldiko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean.

Agintaldi honen hasieran, Diputatuen Kontseiluak 2015-2019 eperako Kudeaketa Plan Estrategikoa onartu zuen, gobernu kudeaketa planifikatu eta agintaldiko helburu eta proiektu estrategikoak zehazteko tresna nagusia den aldetik.

2017ko irailaren 26an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaida saioan, diputatu nagusiak adierazi zuen, agintaldiaren lehendabiziko bi urteak baloratzean, uste osoa duela foru gobernuaren kudeaketa ondo bideratuta dagoela agintaldiko helburu estrategikoak lortzera, aipatutako planean jasotako proiektu estrategiko guztiak martxan jarrita baitaude.

Hala ere, eztabaida saio hartan diputatu nagusiak aurreratu zuenez, Gipuzkoak erronka handiak ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu estrategiko berriak eta estrategikoak identifikatu eta mahai gainean jarri ditu, Etorkuzuna Eraikiz ekimenaren barruan, lurraldearentzat etorkizun itxaropentsu bat bermatze aldera.

Hori horrela, 2018ko aurrekontuak, agintaldiko hirugarrena izanik, barne hartzen ditu apustu estrategiko berri horietarako diru zuzkidurak, betiere Kudeaketako 2015-2019 Plan Estrategikoan jarritako erronkak betetzera bideratuta egonik.

2018ko aurrekontua Diputatuen Kontseiluari 2017ko irailaren 5ean aurkeztutako aurrekontu esparruaren baitan prestatua da, eta, iaz bezala, emaitzetara bideratutako aurrekontu baten beharkizunei jarraituz osatu da.

Emaitzetara bideratzean, aurrekontu programek adierazleak helburuekin lotzen dituzte, eta azken horiek ekintzekin eta baliabideekin. Horrenbestez, politika publikoen multzo osoa gauzatzeko oinarrizko tresna izateaz gain, aurrekontuak plangintza eta ebaluazio sistema ere badira, aurrekontuko baliabideak lortzea espero diren emaitzekin lotzen baititu, betiere efikazia, efizientzia eta gardentasuna hobetze aldera.

Ikuspuntu horrek aukera ematen du zeharkako politikak elkarrekin uztartzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta partaidetza), eta programek politika horien garapenean duten eragina adierazten du.
Indartu egiten da herritarren partaidetza, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kudeaketako 2015-2019 Plan Estrategikoaren barruan bultzatu duen “2018ko Aurrekontu Irekiak” izeneko prozesu berria sartuta.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokor hauen helburua baliabide publikoen kudeaketa finantzario egokia lortzea da, gastu publikoaren banaketan ahalik eta efizientziarik handiena ziurtatze aldera.

Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontu osoa % 6,79 hazi da, aurrekontu propioa % 2,21 eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, aldiz, % 3,99 termino homogeneoetan.

Gastu politikei dagokienez, horiek gaurko egoerari aurre egitea izango dute helburu, eta, hori lortzeko, lehentasunezkoa izango da inbertsioak egitea krisiak enpresa eta pertsonentzat izan dituen ondorioak gainditzeko eta produkzio sarea indartzeko, betiere Gipuzkoaren lehiakortasuna bultzatuz.

Horri begira, batetik, 2018ko aurrekontuan Ekonomia Berpizteko Plan bat jasotzen da, lurraldearen dinamizazio ekonomiko eta soziala bultzatzea eta babestea xede duena.

Bestetik, aurrekontu hauek nabarmenki indartzen dituzte gizarte politiketara bideratutako baliobideak.

Horrez gain, gizarte gastuetarako bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.

Aurrekontu hauetan bada nabarmengarria den beste kontu bat: agintaldiko proiektu estrategikoetako bat (“Gipuzkoako Biribilgunea”) burutzeko behar diren ordainketa eta konpromiso kredituak jasota daude beraietan. Proiektu hori erabakigarria da. Izan ere, lurraldearen mugikortasun, irisgarritasun eta antolaketa tresna nagusia da, bai eta garapen ekonomikorako eragile nagusia ere.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 54,90 milioi euroko diru laguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.

Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian zerga itunduen ondorioz bildutakoaren datuak (PFEZ, Sozietateen gaineko Zerga, BEZ, Zerga Bereziak,...) eta Udalak Finantzatzeko Foru Fondoari buruzkoak.

Zerga itunduen bilketa 2017ko urriaren 31 arte
Zerga itunduen bilketa 2002-2016 epealdia
Udalak finantzatzeko foru fondoa: 2002-2016 eredua